Derbira motibazio bereziarekin iritsi zen talde nafarra. Alde batetik, garaipenaren bidera itzuli nahi zuen urtea finitu aurretik. Eta bestetik, Athleticen bolada ikusgarria eteteko aukera zuen; bizkaitarrek 13 partida zeramaten galdu gabe. Bada, gorritxoek ere ezin izan dituzte garaitu.
Osasunak aurrea hartu zuen lehen zatian, Torroren eskutik, baina oso gutxi iraun zion pozak: sei minutu, zehazki. Errazegi egin zion berdintzeko gola Athleticek. Eta bigarrena ere gorritxoen oparia izan zen.
Partida bukatzeko ordu laurden baten faltan irauli zuten markagailua bizkaitarrek, eta Pablo Ibañezek aukera garbia izan ostean, amore eman zuen Vicente Morenoren taldeak.
Garaipenik gabeko sei jardunaldi kateatu ditu dagoeneko. Hori bai, salbazioa bideratua du, eta Europako postuak ez zaizkio gehiegi urrundu.
Derbiaren xehetasun guztiak aletu dituzte Ane Martiarenak, Unai Lakok eta Iosu Ganuzak, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Horrez gain, urteko momentu aipagarrienen errepasoa egin dute. Solasaldia hemen entzungai.