Miren Amurizak testuak eta gaiak jarri ditu, Miren Narbaizak musika eta Saio Alkaiza eta Nerea Ibarzabalek ahotsa jarriko dute, bertsotan. Pleibak izeneko bertso-saio literarioa antolatu dute, izen bereko Amurizaren liburuaren aurkezpena.
Kezka handia biltzen duen eleberria da. Haurtzarotik nerabezarorako trantsizioa jaso du idazleak. Harreman sinbiotikoei buruz hitz egin du, bikote baten hausturari buruz.
“Liburu honen muina ere hizkuntzarekin esperimentatzea da”, azaldu du Amurizak Irrintzi Plazan. Ez da gai zehatz bat lantzeko nahitik abiatu, ahozkotik hurbil egongo den erregistro bat aukeratu du eta “gazteengandik hurbil” egongo dena. Adineko emakume bat da ‘Basan’ Amurizaren lehenengo eleberriko protagonista eta oraingoan, bi neska gazteren ahotsa ekarri du paperera.
Aurkezpen literarioa gaur egingo dute Laban, arratsaldeko 19:30ean.