Araudia aldatu du Iruñeko Udalak eta urtarrilaren lehenetik aurrera ez da alde zaharrean pisu turistikoetarako baimen berririk emango. Osoko Bilkuran onartu dute neurria EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren onespenarekin, UPN abstenitu da eta PPk kontran bozkatu du.
Izan ere, etxebizitza turistikoen erdia alde zaharrean dago, 168 dira pisu turistikoak, %55a alegia. Bestelako hirietan ematen den gentrifikazioa Iruñean ez dagoen arren, Alde Zaharra auzo bat dela eta bizilagunentzako izan behar duela defendatu dute sinatzaileek. Txema Mauleon Zurekin Nafarroako kideak adierazi bezala, etxebizitzaren auziari eskubide gisa beharrean negozio gida begiratzea da arazoa, “etxebizitzak turismorako erabiltzeak gentrifikazio arazo asko eta etxebizitza-falta eragiten ditu", berretsi du Mauleonek.
Lizentzia berriak eten ahal izateko, Alde Zaharra Babesteko Plan Bereziaren hirigintza-araudia aldatu da, baina beste turismo-ostatu batzuei eragin gabe, hala nola hotelei, ostatuei, pentsioei eta aterpetxeei, eta horiek egungo arau-esparruarekin jarraituko dute.