KIROLERRIA

Berdinketaz berdinketa

Unai Lako Goñi 2024ko abe. 9a, 17:06

Zailena egin, eta kontrako markagailua irauli ostean, garaipenik gabe geratu zen atzo Osasuna.

Alavesen aurka aritu zen, Sadarren, eta zapore mikatz samarra utzi zion bukaerako markagailuak. Bina amaitu zen derbia, eta horrenbestez, nafarrek laugarren neurketa kateatu zuten irabazi ezinda. Berdindu egin dituzte azken hiru partidak.

Negu gorriko giroak hozmindu egin zituen gorritxoak, eta oso makal aritu ziren hasieran. Pentsa, Alavesek aurreneko jokaldian zulatu zien atea. Lehen minutua betetzerako, 0-1 ari zen galtzen Vicente Morenoren taldea. Atzo, ezagun zahar bat izan zuen borrero, Kike Garcia. Hark egin zuen Alavesen lehen gola, baita bigarrena ere, 68. minutuan.

Bi gol horien tartean, denetariko sentipenak izan zituen Osasunak. Lehenik, haserre sentitu zen, epaileak ez zuelako Budimirri egindako penalti garbia adierazi. Bigarren zatian, ordea, amorruak pozari utzi zion tokia. Budimirrek berak banako gola egin zuen, eta jarraian, gorritxoak aurretik jarri zituen Ruben Garciak, falta jaurtiketa baten bidez-

Zorionak, ordea, ez zien askorik iraun, eta nahi eta ezinean aritu ziren binako gola jaso ostean. Azkenean, puntu banaketa Sadarren. Osasunak zazpigarren postuan bukatuko du jardunaldia. 

Emakumeeen taldek ere puntu bakarra lortu du jardunaldi honetan. Larunbatean urteko azken partida jokatu zuen Taxoaren, Atletico Balearesen kontra, eta banako berdinketarekin bukatu zen partida. Irabazteko merezimenduak egin zituen Osasunak. 31. minutuan, aurrea hartu zuen markagailuan, Barqueroren eskutik. Alabaina, azken txanpan ihes egin zion garaipenak. Azken zazpi partidetatik bakarra irabazi dute, eta etxean gozakaitz samar dabiltza. Bosgarren postuan daude sailkapenean.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Ane Martiarena, Unai Lako eta Iosu Ganuza, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!