Ia urtebete pasa da Iruñeko alkatetza aldatu zuen zentsura moziotik eta Euskalgintzak zai jarraitzen du aldaketak euskararen esparrura iristeko. Aurtengo ikasturtean ez zen aldaketarik izan haur eskoletako hizkuntza eskaintzari dagokionez. “Aurreko ikasturtean mugimenduak egiteko tarte gutxi izan zen, UPNk dena bideratuta utzi baitzuen” azaldu du Iker Mundiñanok, “Baina aurrerantzean, gai izanen dira egungo agintariak UPNk egiten zuen politika gris hori bera egiteko?”.
Euskalgintzatik gogoratu dute, zentsura mozioarendako akordio politikoan haur eskolen afera sartu zela eta Joseba Asiron alkateak berak adierazi zuela auzo guztietan bermatuko zela euskaraz ikasteko aukera. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da” erantzun du Euskalgintzak, “EHBildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdiei, eskatu nahi diegu irtenbidea adosteko”. Izan ere eskaintza ez da aldatu eta urteak daramatzate kalera ateratzen. “Arduradun politikoak aldatzen badira ere, eskolen egoeran ez da halakorik, edo are, atzera egin dugu” salatu dute, “Auzo askotan ez dago euskarazko eskaintzarik eta murgiltze giroan haur eskola bakarra dago, UPNren garaietan bi izan zirelarik”.
Horregatik, abenduaren 11n manifestaziora deitu du Iruñeko Euskalgintzak, “Haur Eskolak euskaraz auzo guztietan!” lelopean. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko da protesta Nafarroako Parlamentutik.