Nafarroako Volkswagenek 2025ean ez du kotxerik fabrikatuko lau hilabetez eta hartara, aldi baterako erregulazio espedientea iragarri du enpresak, gehienez 66 egunerako. 220.000 eta 230.000 auto bitarteko ekoizpen-programa aurreikusi dute eta urteko lanaldia 209 egunekoa izango da. 2026ko apirilean Skoda eta Volkswagen auto elektrikoak merkaturatzeko egin behar dituzten instalazioa elektrifikatzeko obrek ekoizpena baldintzatuko dute eta ondorioz aldi baterako etenaldia aplikatuko du enpresak.
Aldi baterako erregulazio espedienteak ez die bulegoko langileei eragingo, soilik tailerreko langileei, eta aurreikusitako egutegiak ere ez ditu txanda guztiak barne hartzen. Urtarrilean ez da ekoizpena hasiko hilaren 23ra arte; udan, uztailaren 2tik abuztuaren 20ra bitartean egingo da etenaldia eta abenduan ez dute autorik ekoitziko. Guztira, ia lau hilabete izango dira egoera horretan.
Aldi baterako lan-erregulazio hau datozen asteetan negoziatuko du enpresak UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT sindikatuek osatzen duten batzordearekin. UGTk jakinarazi duenez negoziazioan sindikatuak aurreko espedienteetako lan-baldintzak mantentzea proposatuko du, soldata eta antzinatasuna %100ean osatzeko.