ELA eta LAB sindikatuek atzo PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik sinatutako akordioaren inguruko irakurketa helarazi dute prentsa oharren bitartez. ELAren ustez, Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan lortutako akordioa “frankismoaren milaka biktimen oroimena eta saminarentzako itxiera faltsua da. Erabaki inkoherentea da; izan ere, eraikinaren zati batzuk desagertzeak eta beste batzuk ezkutatzeak ez du aldatuko Erorien Monumentuak herritarren artean duen esanahia”.
ELAren ustetan Maravillas Lambertoren izena erabiltzearena bereziki kritikagarria da “Maravillasen arreba, Josefina Lamberto, eraikina eraistea eskatzeko sinatzaileetako bat izan zelako”. Iruñeko Udalari, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari eraikuntza hori desagerrarazteko beharrezko jarduketak berehala hasteko eskatu die.
LAB sindikatuak bestelako irakurketa egin du. Positibotzat jo du “monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa”, gaurko faxismoa salatzeko urrats garrantzitsua delakoan. “Frankismoaren biktimak duintasunez erreparatzeko eta biktimarioen gorespenarekin bukatzeko ekarpen egiteaz gain, Euskal Herriko hiriburutik eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadari aurre egiteko akuilu berria izan daiteke”.
“Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, eragile sozial eta sindikalek, bai eta memoria eragileek ere, bakoitzak bere izaeratik eta ikuspegitik, baina guztiok batera lan egin behar dugu erronka hau gauzatzeko: oroimen integrala eta kritikoa sustatzea; iragan frankistarekiko haustura bermatzea; eskuin frankistaren kontakizunaren aurrean, faxismoari eta gerra zaleei espazioak kentzea; eta aurrera begira askatasunari eta justizia sozialari ateak irekitzea”, adierazi du LABek bere oharrean.