Contigo-Zurekin koalizioko kideek agerraldia egin dute Erorien monumentuaren inguruan PSNK, EH Bilduk eta Geroa Baik lortutako akordioaren balorazioa egiteko. Atzo arratsaldeko bostak arte ez zutela akordioaren berri izan adierazi dute. “Hiru alderdi politikoen arteko akordio bat da eta gaur 12ak arte ez dugu horren berri izan. Ez da, ez Nafarroako Gobernuaren, ez Iruñeko Udal Gobernuaren akordio bat”.
Hurrengo egunetan koalizioaren barne organoak bilduko dira dokumentua sakonki aztertzeko eta orduan emango dute balorazio sakonago bat, baina gaurko agerraldian adierazi dute ez daudela akordioaren funtsarekin ados, “ez eta lortu den moduarekin ere, eta horregatik ofentsiba politiko eta instituzional bati ekingo diogu, egoki iruditzen zaizkigun azalpen guztiak eskatuz”.
Mugimendu eta elkarte memorialistekin bilduko direla iragarri dute, haien iritzia jakiteko. “Oso negatiboa iruditzen zaigu hiru talde politikoen arteko akordioan Erorien eraispenaren aukera baztertzea. Parte-hartze demokratikoa mugatzen duen erabakia da, herritarrek gai oso garrantzitsu bati buruz askatasunez hitz egitea eragozten du”.