Maravillas Lamberto plaza Joan Paulo II.aren etorbidea eta Alfredo Landa parkearen artean kokatzen da eta udalarenak diren 19.601,15 metro koadroetan lau lurzati sartzen dira. Une honetan haurrentzako jolas parkea dago besterik ez eta gainerako azalera garatu gabe dago; eremu hori garatzeko plana diseinatzen ari da orain Iruñeko Udala.
Udalak eremurako aurreikusitako erabilera horiek aldatzea proposatu du, gazte alokairura bideratutako babes ofizialeko 40-50 etxebizitza inguru aurreikusi dituzte. Zerbitzuei dagokienez Lezkairuko Civivoxa bertan kokatzea erabaki dute auzoko kultur- eta aisia-jardueren epizentro bihurtzeko. Liburutegia eta auzo unitatea ere bertan kokatuko dira.
Hasiera batean, jatorrizko diseinuan, 256 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusi zen eta beheko solairua eta lehen solairua gorde ziren hirugarren sektoreko erabileretarako. Hirugarren sektoreko erabilerarako beheko solairuak mantenduko dituzte eta udalak planteatu du debekatzea espazio horiek etxebizitza bihurtu ahal izatea.
Prozesu parte hartzailea
Iruñeko Udalak informazio saioa antolatu du herritarrei jakinarazteko zeintzuk izango diren Maravillas Lamberto plazaren erabilera-aldaketak eta diseinu berria. Azaroaren 27an, arratsaldeko 18:30ean, Lezkairuko Paderborn ikastetxean egingo dute saioa. Hitzordu horren helburua da egungo egoeraren eta Udalaren asmoen berri ematea. 2025ean zehar, berariazko parte-hartze prozesua irekiko da, baita liburutegia eta auzo-unitatea hartuko dituen Civivoxaren inguruko ideia-lehiaketa ere.