Puntua ez zen guztiz mingotsa izan, aurkariari sendo eutsi baitzion Iosu Dominguezen taldeak. Defentsako lanak behar bezala egin zituen, eta horri esker, golik jaso gabe bukatu zuen partida.
Baita golik sartu gabe ere. Erasoan erritmoa eta txinparta falta izan zitzaizkien gorritxoei, eta kontrarioa apenas artegatu zuten. Azkenean, 0-0 markagailuak ondo islatu zuen berdegunean gertaturikoa.
Gizonen Osasunak, berriz, atseden hartu du, selekzioen partidak direla-eta. Bada, geldialdia probestuz, osasun azterketa egin diogu Vicente Morenoren taldeari. Diagnosi orokorrak ezin du txarra izan, gorritxoak bosgarrenak baitira sailkapenean, lehen 13 partidetan 21 puntu patrikaratuta.
Kopuru horren atzean dauden xehetasunak aztertu dituzte Oier Zumarragak, Iosu Ganuzak eta Unai Lakok, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Lehenago, Osasunak AEMen zelaian lortutako berdinketaz mintzatu dira. Solasaldia hemen entzungai.