Etxebizitza duina edukitzeko eskubidearen alde manifestazioa eginen dute Iruñean

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko aza. 12a, 07:12

Mahaian, eledun lanetan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Oihan Bengoetxea eta Harituko Oihana Idoate. (Argazkia: Haritu)

Harituk eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatu dute, eta azaroaren 28an eginen dute

Azaroaren 28an, ostegunarekin, 19:00etan, Errekoleten plazatik abiaturik manifestazioa eginen dute Harituk eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. “Ikusten dugu langile klasearen pobretzea gertatzen ari dela azken urteotan, eta horren erantzule nagusietariko bat dela etxebizitzaren problematika, eta uste dugu arazo horren erroan negozioa dagoela, eta urgentziazko neurriak hartu behar direla”, azaldu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Oihan Bengoetxeak.

Azaroaren 28ko protestak bi helburu nagusi izanen ditu: etxebizitzaren auzia ikustaraztea eta abenduaren 14an Bilbon Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek eginen duten manifestazio handirako giroa berotzea. “Haritu eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista elkartu gara Iruñeko kaleak betetzeko, uste dugulako Nafarroak badituela bere berezitasunak alor honetan, baina aldi berean deitzen dugu Euskal Herriko sindikatu guztiek Bilbon eginen dugun manifestazioan parte hartzera”, nabarmendu du Harituko Oihana Idoatek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “pertsona askorentzako arazo handia denak gutxi batzuei aberastasuna pilatzeko balio die”. Halaber, alderdi politiko guztien etxebizitzaren alorrean proposatzen dituzten neurrien kontra azaldu dira; izan ere, “alderdien eta entzekoen neurrien helburu bakarra negozioa dinamizatzea da, eta hartu behar diren egiazko neurri urgenteak hain zuzen ere negozioaren aurka hartu behar dira”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!