Sarasate pasealekua, Sanduzelaiko biribilgunea eta Pio XII etorbidea, 2025eko inbertsioetan lehentasun

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 11a, 12:13

Udal gobernu taldea osatzen duten zinegotziak.

Proiektu estrategikoak, auzoetako zuzkidurak eta hiria mantentzeko proiektuak dira aurrekontuen ardatz nagusiak. Inbertsioendako aurrekontua 37,9 milioi eurokoa da, hiriak orain arte izan duen zifrarik altuena.

Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu-proiektuak 90 inbertsio-partida jasotzen ditu, guztira, 37,9 milioi eurokoak. Gaur onartu dituzte hiriak inoiz izan dituen aurrekonturik altuenak eta hiriko auzo guztietan proiektu eta jarduketa desberdinak aurreikusi dituzte.

Udalak finkatutako lehentasunen arabera inbertsioak bideratuko dira Sarasate Pasealekua berriz urbanizatzera (3,1 milioi), Txantreako kaleak berritzera (5,7 milioi), Belosoko bidegorria amaitzera (1,2 milioi), Pio XII.eko korridore jasangarria eraikitzeko (1,1 milioi), Biritxituko errugbi zelaia egiteko (1,2 milioi) edo Etxebizitza Eskuragarrien Plana garatzeko, besteak beste.

Aurrekontu honi 2024ko kontuak ixtean eskuratzen diren gerakinak batuko zaizkio. Oraindik kopuru zehatzik eman ez bada ere, dagoeneko 40 esku-hartze eta proiekturen zerrenda osatu du Iruñeko Udalak datorren urtean gauzatzeko.

Eraginkortasun energetikoaren hobetzea, esku-hartzeak Labrit pilotalekuan, disuasio aparkalekuak sortzea, Aranzadi eta Txantrea arteko pasabidearen obra, eguneko zentroak eraikitzea, berdeguneak, Civivox sarea, Pilotaren Interpretazio Zentroaren proiektua edota ikastetxe eta udaleko kirol-zuzkidurak dira proiektuak biltzen dituen bestelako inbertsioak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!