Gizartea aldatzen ari da, geroz eta ehorzketa gutxiago eta errausketa gehiago egiten dira. Iaz, 2023an Iruñeko San Jose udal hilerrian 2.953 hileta zerbitzu egin ziren eta horietatik 2.445 errausketak izan ziren; hamarretik zortzi alegia. Orain arteko daturik altuena da, errausketak %82,80ra igo ziren iaz, eta goranzko joera mantendu du aurten ere orain arte jasotako datuen arabera. 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan zerbitzuetatik %83,70 errausketak izan ziren.
2023an 509 lurperatze egin ziren, 317 horma hobietan, 166 panteoietan eta 26 lur hobietan. Urtea amaitu aurretik, 2024ko lehen bederatzi hilabeteetako datuei erreparatuta ere datuak antzekoak dira. 378 ehorzketa egin dira 249 lurperatze horma hobietan, 113 panteoietan eta hamasei lur hobietan.
Are gehiago, duela hamar urteko datuekin alderatuz gero, errausketen goranzko joera berresten da. 2014an 500 ziren horma hobietako lurperatzeak eta egun erdia, 249. Panteoietako lurperatzeak ere erdira murriztu dira hamar urtetan, 234tik 133ra.
Domu Santuen egunerako trafiko dispositibo berezia aktibatu du udalak hilerriko bisitari kopurua ohi baino handiagoa izango delako. Kanposantuaren irekiera ordutegia goizeko 08:00etatik arratsaldeko 19:00etara izango da. Hilerrirako sarbidea Biurdana kaletik eta Nafarroa etorbidetik mantenduko da ostiralean.