Joseba Esparzak irabazi du Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Saria

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 29a, 11:30

Nadia Fabo eta Joseba Esparza saria jasotzen. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Ttau eta biok lanarekin irabazi du Esparzak euskarazko lanen kategorian. Gaztelaniazko saria Nadia Fabok lortu du Pitx lanarekin. 453 poema-bilduma aurkeztu dituzte, horietatik hamabost euskaraz. Bi lanak argitaratuko dira eta 3.000 euroko ordainsaria lortu dute.

Iruñea Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Saria jaso dute Joseba Esparza Gorraizek, Ttau eta biok lanarekin, eta Nadia Fabo Andresek, Pitx obrarekin, gaztelaniazko modalitatean. Poema liburuak editatu eta salgai jarriko dituzte hiriko liburu dendetan.

Aurtengo edizioan 453 poema-liburu aurkeztu dira. Horietatik 438 lan gaztelaniazko modalitatean aurkeztu dira eta 15 baino ez, euskarazkoan. Lan gehienak Madril, Andaluzia, Nafarroa eta Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoetatik bidali dituzten arren, beste 30 herrialdetatik ere iritsi dira lanak; hala nola, Argentina, Kolonbia eta Kubatik jaso dira poemak.

Kohesioa izan da Esparzaren Ttau eta biok obratik epaimahaiak nabarmendu duena. Hitz-joko eta irudiei esker, kontakizunak aurrera egin ahala sakontasuna hartzen du, fonetika landuz, eta irakurlea harrapatuz. Lanak estilo propio eta originala duela diote epaileek.

Euskarazko epaimahai kideak izan dira iazko irabazle Iban Garro; Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editorea; Ines Castiella Imaz Nafar Ateneoko idazkari eta Euskarako batzordekidea; eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidentea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!