Iruñeko Udalak iragarri du Iruñeko ezkutua Beloson egiten ari diren hesi berrian ikusi ahalko dela. Hesi zaharretik hartutako 95 ikur zaharberrituko ditu eta 14 metrotik behin jarriko ditu baranda berrian. Eraikitzen ari diren bi behatokietan armarria zazpi metrotik ikusi ahalko da. Hesiak hiriaren kolore berde bereizgarria mantenduko du.
Udala ekainean hasi zen obraren enpresa esleipendunarekin lanean, jatorrizko barandan zegoen hiriaren armarria berreskuratzeko irtenbide bila. Adostutakoaren arabera, hesi zaharretik lehoiaren ikurrak atera dira, zaharberritu eta baranda berrian txertatuko dira. 48.000 euroko aurrekontua du lanak, eta ondare-balioa duen elementu hori soldatutakoan, baranda margotuko da. Lehoiak bere jatorrizko grisa berreskuratuko du eta koroa urre-kolorez margotuko da.
Belosoko aldapan oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide berria eraikitzeko lanak martxoan hasi ziren. Urriaren 1ean, lanen ia erdia eginda zeuden eta hurrengo urteko martxoan bukatuta egotea aurreikusten du Iruñeko Udalak.