Euripean elkartu dira Iruñeko Udaletxe plazan elkarte memorialistiko, sindikatu eta gizarte eragileetako kideak, eskariaren erregistroa egiteko. Bakoitza eskutan kartel bat, herri bakoitzeko memoria elkarteenak, UGT kenduta Nafarroako sindikatu guztienak, mugimendu feministakoak, Iruñeko Peñetakoak… Guztiek bat egin dute eraispenaren eskarian. “Memoria Demokratikorako legeak argi uzten du Frankismoari gorazarre egiten dion monumentu, eraikin eta estatuarik ezin dela egon gure hirietan” azaldu dute, “Iruñeko Erorien monumentua, frankismoaren basakerietan parte hartu zutenak gogoratzeko eraiki zen eta biktima izandakoen kalterako”. Iruñeko Alkate Joseba Asiron eta Memoria kontseilari Ana Ollorekin bildu dira. “Kontsentsua aipatu dute behin eta berriz baina argi erantzun diegu, Memoria demokratikoaren legea kontsentsuz egin zen eta araua argia da, ezin da horrelako eraikinik onartu” azaldu dute. Aurrekontuen eztabaida abiatu denean, eraispen proiektua hasteko diru partida onar dezatela eskatu dute taldeek.