Iruñea, historiako aurrekontu handienen atarian

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 11a, 09:02

2025erako aurrekontuak adosteko lehen bileran batzartu ziren EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin eta PSN.

Iruñeko Udalak datorren ekitaldirako duen hasierako gastu-aurreikuspena 272 eta 279 milioi euro bitartekoa izanen dela jakinarazi dute aurrekontuak adosten hasteko lehen bileran EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek. Zenbateko horrek, Iruñea historiako aurrekontu handienen atarian jarriko luke.

Azaroan nahiko lituzkete prest izan 2025erako aurrekontuak Iruñeko Udalean eta hartara urtarrilaren lehen egunetik horien gainean lan egin. "Prozesu baten hasieran gaude", esan du Iruñeko alkate Joseba Asironek. Oraindik zehazteke daude arlo asko eta zuhurtziaz ari dira jokatzen. Udal gobernua osatzeko akordioa izanen dute bidelagun: "horrek esan nahi du lan handia egina dagoela", Asironen esanetan. "Iruñea martxan dago eta ez dago hau geldituko duenik", esan du Geroa Baiko zinegotzi Mikel Armendarizek. Gizarte Ekintza alorretik Txema Mauleon Zurekin taldeko zinegotziak etxebizitzaren alorrari dagokion garrantzia ematea espero duela esan du.

Alderdi sozialistak arlo soziala lehenetsiko du perspektiba berritzaile batetik begiratuta eta horixe nabarmenduko du zuzenketetan Marina Curiel buru duen alderdiak. Ekarpena egiteko oposizioa da PSNrena Curielen esanetan, UPN egiten ari denetik urrun: "Abiatu dugun tenis partida jokatzeko asmoarekin etorri gara gaurko bilerara. Amaieraraino jokatu nahi dugu eta ez da abstentzioaren biderik gure aurreikuspenetan". 

Zerbitzu publikoen hobekuntza bermatzea, gastu soziala indartzea, legegintzaldiko proiektuei bultzada ematea eta joan den abenduan gobernu-aldaketa ahalbidetu zuten akordioak betetzen direla bermatzea hartu dituzte abiapuntutzat atzoko bileran.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!