Nafarroako Gobernuak Angel Berrueta eta bere familia poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortu zituen iragan ekainean. Berruetaren alargunari eta lau seme-alabei ere egin zaie aitortza hori, urteetan jasotako eraso eta mehatxuengatik eta orain, Berruetaren omenez plaka jarriko du Iruñeko Udalak.
Berrueta 2004ko martxoaren 13an erail zuen Espainiako polizia batek eta bere semeak, Donibane auzoko bere okindegian. Martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ostean, ETAren kontrako kartel bat jartzeari uko egin zionean erail zuten. Geroztik, eta poliziaren kontrako epaiketa izan zen bitartean, irainak, mehatxuak, dei telefonikoak edota presioak jasan zituen haren familiak eta urteetan luzatu zen familiaren sufrimendua.
Ez hori bakarrik, hogei urte hauetan zehar, Angel Gogoan plataformak behin baino gehiagotan jarri ditu plaka oroigarriak, baina behin eta berriz eraso eta erretiratu izan dituzte. Duela hamarkada bat, Udaltzaingoak bizilagunek jarritako plaka kendu zuen. Orain, ordea, ekimena gobernu taldeak berak sortu du eta Berruetak hiriaren aintzatespen ofiziala izango du.
Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean jarriko dute bihar plaka. Eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak parte hartuko du oroigarriaren inaugurazio ekitaldian.