Burguen plazan izango da Julia Fernandez Zabaleta-Emakume aitzindariak euskarazko pastorala larunbatean, urriak 12, goizeko 11tan. Aurretik, Alde Zaharreko hainbat karriketan kalejira egingo dute, 10:30etik aurrera.
Ikuskizuna, Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak ekoitzi du eta Iruñeko Udalak sustatu. Mikel Tabernak idatzi zuen testua eta Ihitz Iriart da erregentea. Antzerkia, musika, kantua eta dantza uztartzen dituen euskarazko lana da, XX. mendearen lehen herenean euskal hizkuntza eta kultura sustatzeko giltzarri izan zen Julia Fernandez Zabaleta irakaslearen omenez. Antzezpenean 30 interprete baino gehiagok, 10 musikarik eta bi bertsolarik hartuko dute parte.
Maiatzean antzeztu zuten estreinakoz Julia Fernandez Zabaleta. Emakume aitzindariak pastorala. Hiru orduko iraupena duen ikuskizunak, pastoralaren oinarriak hartu ditu, esentzia bereganatu du, baina egitura aldatu diote, nabari dadin Iruñeko euskal jendeak egin duela.