Txantreako Antzerki Zikloan euskarazko bi lan taularatuko dituzte

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 3a, 10:00

Ezkaba antzezlanaren irudia.

Txantreako Jai Batzordeak bigarrenez Antzerki Zikloa antolatu du. Aurten, gainera, emanaldiak doakoak izango dira eta auzoko bi taldek parte hartuko dute antzezlanetan.

Ikasturteko programazioa aurkeztu du Txantreako Jai Batzordeak, eta bigarrenez, Antzerki Zikloa antolatu dute iaz izandako arrakasta ikusita. Lau emanaldi izango dira guztira, euskarazko bi eta gaztelaniazko beste bi eta emanaldi guztiak Salestarretan izango dira.

Aurten gainera berrikuntza nagusiarekin dator zikloa, musu-truk izango da, nahiz eta saio guztien amaieran ikusleek diru ekarpena egiteko aukera izango duten. Txantreako bizilagunei kultur eskaintza zabala helarazi nahi die ekimenak. Hartara, sexualitatea, errefuxiatuak, memoria historikoa edota emakumeen presentzia artean jorratuko dute antzezlanok.

Urriaren 4an izango da lehen emanaldia: SexCurso. Auzotegiko antzerki taldearen eskutik iritsiko da antzezlana Salestarren antzokira, iluntzeko 20:00etan. Hamabost egun beranduago, euskarazko Markelen maleta taularatuko du Sakonera Produkzioak taldeak, arratsaldeko 18:00etan. Azaroaren 8an Iluna Producciones taldeak Ezkaba lanarekin helduko dio memoria historikoari, iluntzeko 20:00etan. Azkenik, Jaiaren erregina: Inpostora baten showa ekarriko du Garazi San Martinek oholtzara, azaroaren 22an, 20:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!