Olatz Salvadorrek ‘Zainak Eman’ aurkeztuko du ostegunean Iruñean

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 2a, 09:15

Olatz Salvador eta Izaro Andres 'Zerbaiten Zain' kantaren bideoklipean. (Argazkia: Olatz Salvador, Instagram bidez)

Uxue Rey kazetariak gidatuko du solasaldi musikatua. Laban izanen da, arratsaldeko 19:00etan eta sarrera lau euroan eskuratu daiteke. Musikariaren hirugarren lan luzea da eta kontzertuak egin aurretik, diskoa aurkezteko solasaldiak antolatu ditu.

Kontzertuak egingo dituen arren, “ilusio berezia” da Olatz Salvadorrentzat Zainak Eman bere azken diskoa musikak lagunduta aurkeztea. “Kanta bakoitzaren atzean dauden bidaia eta prozesuak zuekin konpartitzeak. Kanta batzuk ere joko ditut, noski. Eta zuek ere parte har dezakezue edozein galdera/ekarpen eginez”, adierazi du Salvadorrek bere Instagrameko kontuan.

Iruñean egingo du solasaldia ostegunean, Laban, arratsaldeko 19:00etan, Uxue Rey kazetariak gidatuta. Sarrerak unean bertan Laban lortu daitezke, lau euroan.

Basan kantua aurreratu zuen musikariak martxoan eta bere azken diskoa nolakoa izango zen iradokitzeko zertzelada zenbait eman zituen dagoeneko. Gerorik Balego eta Azken Eguzki Printzak ere entzun ditugu, udazkenean Zainak Eman bere hirugarren lan luzea osorik jaso aurretik. Bere hirugarren diskoa den honetan bere estiloari buelta bat eman dio: ausartagoa eta elektronikoagoa da. Hamar kanta ditu guztira Salvadorren lanak eta horien artean bi kolaborazio daude: Zarataz Haratago Alba Morenarekin eta Zerbaiten Zain Izarorekin.

Momentuz zortzi kontzerturen datak iragarri ditu eta beste zenbait iragarriko dituela adierazi du. Iruñean, azaroaren 29an izango da, Indara aretoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!