Lan baldintza kaskarrak kritikatu dituzten langileak kaleratu ditu The Champions Burguerrek

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urr. 2a, 07:15

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sarearen protesta bat, artxiboko irudi batean.

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak hainbat langilerekin protesta egin zuen joan den ostiralean, ekimeneko zuzendaritza ezartzen ari zen lan baldintzak salatzeko, eta jarraian langileok kaleratu egin zituzten.

The Champions Burguer ekimena astebetez izan da Iruñeko Runa parkean. Antolatzaileen arabera, 150.000 lagun igaro dira parketik, hanburgesak jateko.

Joan den ostiralean, Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak eta The Champions Burguerreko zenbait langilek  protesta egin zuten Runan bertan, antolatzaileak ezartzen ari ziren lan baldintzak salatzeko.

Azaldu zutenez, langileei Valentziako ostalaritza lan hitzarmena aplikatu diete eta hala Nafarroakoaren arabera zegokien soldataren erdia ordaindu diete (8 euro orduko). Horretaz gain, langileek ez dute inolako plusik jaso jai egunetan eta igandeetan lan egiteagatik. Beharginek, bestalde, 22:00etatik 6:00ak arte lan egin dute, gauez lan egiteagatik osagarririk jaso gabe. Halaber, sei orduan behin zegokien hamabost minutuko atsedena ukatu diete.

Laneko Autodefentsa Sareak atzo zabaldu zuen informazioaren arabera, ostiraleko protestan parte hartu zuten langileak kaleratu egin ditu The Campions Burguerrek. Laneko Autodefentsa Sareak aldarrikatu du enpresarien inpunitatearekin amaitu beharra dagoela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!