Urriaren 27an egingo da Sarayk antolatutako 13. Lasterketa solidarioa. Hiru kategoria desberdin egongo dira. Goizeko 11tan korrikalariak abiatuko dira. Ondoren, bizikletan edota patineteetan parte hartu behar dutenen txanda izango da eta azkenik lasterketa modu lasaian egin nahi dutenena. Aurtengo leloa, Arrosarekin bat egiten dut. “Saray elkartean jakitun gara minbizia ez dela kolore arrosakoa, aurpegi asko dituela, errealitate asko eta minbizia pairatzen duten pertsonen borroka ezin dela kolore bakar batera murriztu”, adierazi du Mari Jose Oraa Ezker, Sarayko kideak.
12.000 dortsal saltzea da Sarayren helburua aurtengo lasterketan. Urriaren 1ean jarriko dira salmentan www.asociacionsaray.com webgunean, zortzi eurotan. Biltzen den dirua bularreko minbizia sendatzeko inbestigaziora bideratuko da, orain arte antolatutako lasterketetan lortutako 480.000 euroekin egin bezala.