Garraioaren sektoreak greba egingo du urrian, Nafarroan

Bidane Beloki Ezker 2024ko abu. 14a, 11:47

11.500 langile baino gehiago deitu ditu CCOO sindikatuak urriaren bigarren hamabostaldiko grebarekin bat egitera. “Patronalen eta Espainiako Gobernuaren blokeo sistematikoa" salatu du sindikatuak.

Gobernuak errepideko garraioen sektorean erretiroa hartzeko adina aurreratzeko eskaeren blokeo sistematikoa kritikatu du CCOO sindikatuak eta hartara, dei egin du greba egitera urriko bigarren hamabostaldian. Nafarroan 11.500 langile baino gehiago daude deituta errepide bidezko garraioaren grebarekin bat egitera eta “lanuzte masiboak" egitera.

Sindikatuak eskatzen du enpresek lanbidearen “nekagarritasuna eta arriskugarritasuna” aitortzea, eta erretiro-adinaren koefiziente murriztaileak lege bidez berehala aplikatzea. Modu horretan bi neurriek, “garraiolarien lan-osasuneko arazo bat konpontzen dute".

Garraiolariek lan-istripu hilgarrien, gaixotasun kronikoen edo bizi-itxaropena laburtzen duten patologien tasa handiagoa dutela nabarmendu du sindikatuak. Eta, gainera, nekeak eta adinak eraginda arriskuak areagotzen direla eta herritar guztiengan eragina duela azpimarratu du.

CCOOk salatu bezala, “langileek bi urte daramatzate blokeo politiko eta patronalaren aurrean erantzun baten zain ". Diputatuen Kongresuak hainbat ebazpen onartu ditu gidarien erretiro aurreratua eskatzeko, hala ere, sindikatuak prentsa ohar batean azaldu bezala, “guztiak lege-ondoriorik gabeko deklarazio-ebazpen hutsetan geratu dira".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!