Egile berriendako XXXIV. Euskarazko Literatur Lehiaketara poesia eta narrazio modalitateetan jatorrizko lanak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du urriaren 28ra arte. Ordura arte (egun hori barne), egile nafarrek, edo foru-erkidegoan bizi direnek, gai libreko, jatorrizko eta argitaratu gabeko lan bakarra aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzean.
Lehiaketan parte hartzeko zehaztapenen arabera, poesiako modalitatean, lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte, eta narrazioek, gutxienez, 15 orrialde, 11 tamainako Arial letra motarekin eta tarte bikoitzarekin idatzita. Hiru sari daude modalitate bakoitzeko: lehen saria 2.500 eurokoa; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Halaber, oinarrietan ezarritakoarekin bat lau aipamen ematen ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, modalitatea kontuan hartu gabe. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu sariak edo ‘ex-aequo’ eman; kasu horretan, saria aukeratutako egileen artean banatuko litzateke.
Lanak telematikoki aurkeztu behar dira www.pamplonaescultura.es/eu webguneko lehiaketen atalean; bertan eskuratzen ahal dira oinarriak eta parte hartzeko formularioa. Izen-ematea aurrez aurre ere egiten ahal da Udalaren erregistroetan, baina ezinen da erregistro elektronikoaren bidez egin, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatze aldera.
Lehiaketaren xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea. Hori dela eta, ezin izanen dira aurkeztu bere izenpean literatur lan bat baino gehiago argitaratu duten egileak; ez dira muga horretan sartzen aldizkarietan, egunkarietan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ere ezin dute parte hartu modalitate horretan.
Epaimahaiburua Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaritzako pertsona bat izanen da, eta epaimahaikideak honako hauek izanen dira: Lourdes Otaegi, euskal filologian doktorea eta Euskaltzaindiako kidea; Uxue Razquin, literaturan aditua, literatura-kazetaritzan espezializatua, kultura-kazetaria eta Erein argitaletxeko editorea; eta Aitzol Lasa, Euskal Idazleen Elkarteko kidea, idazlea, NUPeko irakaslea eta dibulgatzailea. Idazkaria Iruñeko Udaleko euskarazko kultur programazioko teknikaria izanen da.
EGILE BERRIENDAKO XXXIV. EUSKARAZKO LITERATUR LEHIAKETA
• Parte hartzeko epea: urriaren 28ra arte
• Bi modalitate izanen dira:
o Poesia: gutxieneko luzera, 200 bertso
o Narrazioa: gutxieneko luzera, 15 orrialde (Arial 11, tarte bikoitzaz)
• Sariak: hiru sari modalitate bakoitzeko, eta lau aipamen emateko aukera (guztira 9.000 euro)
o Lehen saria: 2.500 euro
o Bigarren saria: 1.000 euro
o Hirugarren saria: 500 euro
o Accesita: 250 euro
• Izen-emateak eta oinarriak: www.pamplonaescultura.es/eu webgunean