Nafarroako Foru Komunitatean emakumezkoen futbola sustatzea eta indartzea da Sentimendu Koparen helburua. Era berean, osasunako jokalarien arrakasta txalotu nahi du ekimenak. Joseba Asiron alkateak Iruñeko Udalaren apustua nabarmendu du, “emakumezkoen kirolaren alde egiten jarraituko dugu neskei eredu eta erreferenteak erakustearen beharren sinesten dugulako”.
Aurreko bi edizioetako arrakasta ikusita aurten ere heldu diote hitzorduari, baina oraingoan, partida bakarrean jokatuko da kopa. Lehenengo edizioan lau taldek hartu zuten parte, iaz, hiruk, eta aurten, bik besterik ez. Izan ere, txapelketaren antolatzaile eta arduradun Xabier Perez Almandozek azaldu bezala, Bordeleko Girondins zen jokatzekoa, baina izaera profesionala ez galtzeko borrokan daudenez gero, ezin izango dira azken orduan lehiatu.
Aldi berean, “lehiakide falta emakumezkoen futbolaren osasun onaren erakusle” ere badela aitortu du Perezek. Beste aurkaririk topatu ez badute izan da taldeek aurre-denboraldia dagoeneko itxita eta lotuta daukatelako.
Osasunako presidente Luis Sabalzak ere hitza hartu du eta gonbidatu, partida ikusi eta ikuskizunaz gozatzera: “Taxoare betetzea nahi dut”. Jokalarien familiak ez ezik zaleak eta bazkideak joan daitezela nahi du presidenteak, “babesa senti dezaten” Osasunako jokalariek.
Bazkideek dagoeneko sarrera eskuratu dezakete, hala ere, egunean bertan publiko zabalari luzatuko zaio gonbidapena. Hutsik geratu diren harmailetan esertzeko aukera izanen dute bertaratzen direnak.
Asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan izanen da partida eta Osasuna eta Real Madrid lehiatuko dira Sentimendu Kopa altxatzeko.