Bestelako aldarrikapenak ere egin dituzte peñek sanferminetan. Peñen Federazioak bat egin du Palestinarekin, Gazan bizi den egoera ez dute ahaztu nahi izan sanferminetan ere. Jaia eta aldarria uztartuz, kalejira egin zuten atzo Alde Zaharreko kaleetatik Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta genozidioa salatzeko.
Rakel Arjol Peñen Federazioko presidentearen hitzak jaso ditu ahotsa hedabideak, "proposamena egin ziguten Palestinaren aldeko kolektibo ezberdinetatik" eta peñak batu ziren "genozidioa salatzeko". "Zerbait salatu behar denean, peñak ere hor izanen gara", gaineratu du Arjolek.
Peñen pankartetan marraztu dute Palestinako ikurra, baina hala ere, beste ekarpen bat ere egin nahi zuten peñek. "Aldarrikapen txikiak dira baina garrantzitsuak gure ustez", azaldu du Arjolek.
BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak taldeak deituta, aldarrikapenak egin zituzten atzo kalejiran eta baita zezen plazan ere; Palestinako ikur erraldoia zabaldu zuten su etena exijitzeko eta palestinako herriari elkartasuna adierazteko.