Jandilla ganadutegiko zezen uher zikinak adardun saldoaren buruan egin du entzierro ia osoa, bi idirekin batera. Tropelak nahikoa anaiturik egin du ibilbidearen lehen zatia, Estafetako bihurguneraino.
Buruan zihoan zezen uherrak eskuin aldetik hartu du bihurgunea, litxarreria dendaren izkinaren ondo-ondotik. Hainbat korrikalari ezustean harrapatu ditu, eta bizpahiru bultzatu eta bota ere egin ditu.
Estafetan saldoa zatikatu egin da: zezen uherrak eta bi idiek aurrera egin dute, atzetik lau zezen beltzek beren kaxa egin behar izan dute bidea eta azkenik zezen gorrizta nahikoa atzetik joan da, gainontzeko idiekin.
Gauzak horrela, adarren artean korrika egiteko espazioa izan da. Ez ordea, denbora, zezenen abiada biziak oso zail egin baitu adarren aitzinean luze jardutea.
Aurten ohiko bihurtu denez, arriskurik handiena Telefonikako malda beheretik aurrera heldu da. Asteburuaren gertutasunak korrikalari gehiago ekarri ditu. Horri abiada bizia gehitzeak eroriko ugari eragin ditu. Lurrean korrikalari pilaketak izan dira. Arriskutsuena, bidearen erdian.
Beste behin ere, zezenek eskuin hesirantz egin dute, eta zezen gorri azpizuriak adarraren azpialdearekin hesiaren aurka harrapaturik geraturiko korrikalari baten bizkarra gogor jo du, harrigarriki, zauririk eragin gabe. Estafetan asko luzatu bada ere, zezen saldoa nahikoa trinko iritsi da zezen plazako ukuiluetara, bi minutu eta 19 segundoan.