SANFERMINAK 2024

Zezenak protagonista, aspaldiko partez

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko uzt. 11a, 08:29

Domingo Hernandez ganadutegiko lau zezen, Estafeta karrikaren hasieran. (Argazkia: ETB)

Zezenak protagonista izan dira gaurko entzierro azkar eta garbian. Domingo Hernandez ganadutegiko zezenek adarkaturik ez dute utzi eta sei lagun ospitaleratu behar izan dituzte, kolpeen poderioz.

Zezenak entzierro batean protagonista izan direla nabarmentzeak pellokeria eman lezake, baina ez da; izan ere, azken urteotan ohitu gara idiak adardun saldoaren buru izatera ibilbide osoan.Eta gaur, aspaldiko partez, zezenak tropelaren aurrealdean joan dira, ia lasterketaren hasieratik.

Santo Domingo aldaparen  erdialdean, jada zezen beltz bat zabaltzen aritu da bidea. Atzetik, idi bakar batek eutsi ahal izan dio hark markaturiko abiada biziari.

Idien gidaritzaren faltan, Salamancako zezenak Estafeta hasierako bihurguneko hesiaren aurka jo du, baina ez indar betean. Gauzak horrela, saldoaren buruzagitzari eutsi dio. Atzetik, bi zezen gorri eta beste beltz bat batu zaizkio. Atzerago zihoazen beste bi zezen, eta are atzerako gainontzeko idiak.

Gauzak horrela, Estafetan, zezenen adarren aitzinean korrika egiteko inoiz baino toki gehiago izan da. Haatik, hori egitea ez da erraza izan, ez baitago Domingo Hernandeztarren abiadari luze eutsiko dion ez idirik, ezta giza semerik edo alabarik ere.

Abiada bizi horrek eroriko andana eragin du. Zorionez, Salamancako zezenek nobleziaz jokatu dute eta ez dute eroritakoak harrapatzen ahalegintzeko imintziorik ere egin.

Telefonikako eskuin hesian, aurten ohikoa denez, arriskualdi biziren bat izan da, zezenek alde horretatik joan direlako eta han korrika egiteko asmo handirik gabeko hainbat pertsona zeudelako.

Sei zezenak plazako ukuiluetara bakarrik iritsi dira, idirik gabe, protagonismo osoa bereganatuz, ni minutu eta hamasei segundoan.

Garcigrande ganadutegitik banandu berri da Domingo Hernandez ganadutegia. Garcigrande moduan birritan izanak ziren Iruñean. Azkarrak eta arriskutsuak izateko ospea irabazia zuten, bi entzierrotan lau adarkatu izan baitziren. Azkarrak izan dira, baina ez, ordea, arriskutsuak.   

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!