Jaietako lehen orduetan izandako erasoen aurrean erantzun irmoa emateko elkarretaratzea dei egin zuen mugimendu feministak hiriko eragileekin batera uztailaren 7an. Leporaino bete zen Gazteluko plaza, baina bart ere mugimendu feministak jakinarazi zuen eraso gehiago izan direla. Hiru emakumek “intentsitate handiko sexu erasoak” salatu dituzte eta larritasun txikiagoko beste sei eraso ere zenbatu dituzte.
Intentsitate altuko hiru erasoak uztailaren 6tik 7rako gauean gertatu ziren, baina "horietako biren berri astelehenean" eman zuten. Mugimendu feministatik, “berriz ere, gure elkartasun eta babes osoa” adierazi diete eraso egin dieten emakumeei, ohar batean adierazi bezala. Herri Sanferminak kolektiboak O plazan duen festagunean egin zuten atzo agerraldia Iratxe Alvarezek eta Paula Garciak, mugimendu feministako kideekin batera.
“Hiru egun baino ez dira pasatu jaiak hasi zirenetik, eta nahikoa da. Onartezina da gizon batzuek emakumeekin duten jarrera”, salatu du Paula Garciak. Jaiak askatasunez gozatzeko eskubidea aldarrikatu dute beste behin ere, “gure hirian ez dugu erasotzailerik onartuko, eta kanporatuko ditugu; aurrean izanen gaituzue”, ozen berretsi dute.
Halaber, Foruzaingoak jakinarazi du atzo gauean hiru pertsona atxilotu zituztela sexu erasoengatik, horien artean ukituak edota musu behartuak emateagatik izan dira atxilotzeak.