Bi minutu eta hemezortzi segundo behar izan dituzte Fuente Ymbroko zezenek ibilbidea egiteko. Azkar zeharkatu dituzte kaleak eta ganadutegiak ohi duen moduan, garbia izan da entzierroa, nobletasuna erakutsi dute zezenek eta aurrera egin dute inguruari erreparatu gabe.
Laugarrena eta azkarrena izan da. Zezenek taldean egin dute lasterketa, idiak buru, korrikalariei eraso egin gabe. Estafeta erdialdean bi idik baino ezin izan diote erritmoari eutsi eta ziztu bizian iritsi dira zezen plazara. Merkaderes ere zailtasunik gabe igaro dute zezenek eta plazan sartu dira zuzenean, bestelako arrisku egoerarik gabe.
Lasterketa txukunak egiteko tartea ere izan den arren, entzierroaren abiadurak erorketak eragin ditu hainbat tartetan. Nafarroako Ospitale Guneak emandako zaurituen txostenaren arabera, bost pertsona artatu dituzte. Horietako bat Telefonika tartean izan da, hankan jasotako kolpe bat. Beste bi artatu besoan kolpea dutela eta, azkeneko biak, zezen plazan izan dira. Lehenengoak aurpegi-masailetako eta garezurreko kontusioa du eta bigarrenak zauri sarkorra.