Fededunak bagina, saindu beltzaranak Telefonikan kapotetxoa dantzan jarri duela esanen genuke. Ez garenez, korrikalariek alimaleko zortea izan dutela esan beharko.
Santo Domingoko aldapa eta Udal plaza elkarrekin eta hiru idiren atzetik egin dituzte Madrilgo ganadutegiko zezenek. Beltz azpizuriak eskuin aldetik zeharka begiratu ditu korrikalariak eta haien aurka egiteko imintzioren bat egin du, baina arrisku handirik eragin gabe.
Estafetako bihurgunean, ia egunero bezala, bizpahiru korrikalari geldi geratu dira, ez atzera ez aurrera, baina, zorionez eta harrigarriki, adardunek ez dituzte harrapatu.
Estafetan barrena zezen saldoa bitan zatitu da. Aurretik, idiak eta lau zezen joan dira. Atzetik , Victoriano del Rioren beste bi anaia, atzeko joaldunekin.
Xabierko karrikako bidegurutzetik gora, adardun saldoaren abiadaren poderioz, bi korrikalari adarren aitzinean erori dira. Haatik zezenek, zorionez, ez dute haien aurka egiteko imintziorik egin.
Nolanahi ere, arriskurik handiena Telefonikan heldu da. Korrikalari asko zebilen tarte horretan. Zezenek eskuin aldera egin dute, eskuin hesira asko hurbilduz. Korrikalari pilaketak izan dira. Elkarren kontra estropuz egin dute. Bi korrikalari zezen azpizuriaren adarren artean kateatu dira. Atzetik zetorren beste zezen beltz baten adarren artean kulunkatu dira, halaber, tixert zuri urdina zeraman beste korrikalari bat eta hark bultzaturiko beste bi.
Logikoena zirudien adarkada larriak izatea. Baina, azkenean halakorik ez da izan, bi minutu eta hogeita zortzi segunduko entzierro azkar, arriskutsu baina adarkadarik gabean.
Berriz diogu: fededunak bagina saindu beltzaranak kapotetxoarekin gogotik egin duela lan esanen genuke. Ez garenez, esanen dugu korrikalariek zortea eta estatistikak lagun zituztela. Azken horien arabera, Victoriano del Rio da lasterketarik azkarrenak eta garbienak egiten dituen ganadutegia. Gaur, beste behin eta harrigarriki, hala izan da.