SANFERMINAK 2024

Iosu Chueca: “Hunkigarria da gazteak German Rodriguezen omenaldian inplikatzea"

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko uzt. 8a, 12:35

Josu Chueca, gaur, Euskalerria Irratiaren 'Sanfermintza' saioan.

German Rodriguezi omenaldia egin diote gaur, urtero bezala uztailaren 8arekin, hil zuten lekuan, Karlos III etorbidearen eta Orreaga karrikaren arteko bidegurutzean.

1978ko uztailaren 8an Espainiako Polizia Nazionalak tiroz hil zuen German Rodriguez gazte iruindarra. Rodriguez Liga Komunista Iraultzaileko kidea zen. Haren burkideetako bat zen Iosu Chueca historialaria eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kidea. Gaur Sanferm!ntza saioan izan da.

Chuecak aurtengo oemnaldian berrikuntza garrantzitsu bat izanen dela nabarmendu du. “Alde Zaharreko Gazte Mugimendua Germanen memoria berreskuratzeko borrokan inplikatu da. Haren omenezko horma-irudia egin dute Alde Zaharrean, memoriaren ibilbide bat ere egin dute, eta gaur omenaldian parte hartuko dute, adierazpen propio batekin. Oso hunkigarria da gazteak hor ikustea”. Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak ez ezik, Peñen Federazioak ere esku hartuko du aurten omenaldian. “Peñek beti babestu gaituzte, baina aurten are gehiago inplikatu dira”.

Chuecac, halaber, azken hilabeteotan gertaturikoaren aitortzan egindako urratsak nabarmendu ditu; izan ere,  Espainiako Diputatuen Kongresuan, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean 78ko sanferminetako gertakariak eta Rodriguezen hilketa aztergai izan dituzte. “Seguru asko guk egin dugun borroka egin izan ez bagenu, haiek ez zuten orain aitortza hori eginen. Horregatik, omenaldia egiten segituko behar dugu, alderdi aurrerakoiei oroitarazteko oraindik egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren bidean gauza asko daudela egiteko. Adibidez, ezinbestekoa da erakundeek orduko gertakariei buruzko agiriak argitara atzeratzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!