Cadizko zezenek hasieratik erakutsi dute zergatik duten arrisku ospea Iruñean. Santo Domingon lehen korrikalariekin topo egin eta berehala, zezen guztiak hasi dira imintzioka, ezker eskuin zituzten pertsonei erreparatuz, idiek adardun saldoaren buruan erritmoa markatzen zuten bitartean.
Santo Domingon bertan, Abarzuza liburu-denda zegoen lekuan, zezen batek irrist egin eta ezker espaloirantz jo du, bertan ziren korrikalariei susto ederra emateko. Hortik aurrera, bakarrik egin du zezen plazako ukuiluetarainoko ibilbide osoa.
Idiek gaur erritmo bizia markatu dute, Cadizetik etorritako zezenek ezin izan diote abiada horri eutsi eta pixkanaka-pixkanaka atzean geratzen hasi dira Udal Plazan. Merkatarien karrikan tarte handiak zabaldu dira zezenen artean eta horrek arrisku handiagoa eragin du.
Estafetako bihurgunean zezenek oholaren kontra jo dute, eta korrikalari bat zezen baten gainera erori da. Adarren artean trabatuta geratu bada ere, ez du adarkadarik jaso.
Estafetan gora, adardun saldoa luzatu da. Tarte handixkoak sortu dira eta lasterketa ederrak ikusi ahal izan dira, eder bezain arriskutsuak, adardunak abiada bizian baitzihoazen.
Lasterketaren bigarren minutua bete berritan iritsi dira lehen bi zezenak plazako ukuiluetara. Zezen bat Telefonikan erori da eta korrikalariek altxatu behar izan dute. Ezker adarra apurtuta iritsi da plazara, 2:41eko denbora markatuz.