Goizean goizetik somatzen zen gaurko entzierroa masifikatua izanen zela. Aldaz zurgindegiko langileek zail izan dute hesiaren muntaia egin ahal izateko tokia irekitzea. Kalea jendez beteta zegoen. Sainduari hiru aldiz kantatu eta uztailaren 7ko La Jarana peñakoen jota adituta, kalera irten dira La Palmosillako zezenak. Idiek hartu dute aurrea Santo Domingon gora azkar. Korrikalariek ez zioten erritmoari eusten eta segituan egin behar zuten alde batera. Udaletxe plazan, gazte bat zezen saldoaren aurrean erori eta azkarregi altxatuta, zezen eta idien kolpe bortitza eraman du, non eta 1995 ean Mathew Petter Tassiok gauza bera egin zuen tokian. Gaur aldiz mirakulua. Mercaderes karrikan eskuin hormarengana jo eta irrist egin duen zezen gorrixka atzean geratu da. Bakarrik egin du plazarako bidea hortik aurrera. Estafeta karrikan sartu baino lehen beste gazte bat eraman du aurretik taldeak, zilipurdika lurrean botata. Estafetan gora, saldoa luzatu eta lasterketa ederrak ikusi dira adarren aurrean. Zezen bat aurreratu da, nobleziaz lasterka eginez, atzetik bi anai, gero beste bi eta atzean azken zezena. Jende gehiegi kalearen bi aldeetan. Telefonica tartean, jende pilaketa egon da eskuin hesian, zezenek haiengana egin dute baina idi batek babestu ditu korrikalariak. Orduantxe amaitu da entzierroaren lehen zatia, 2,03eko denborarekin.
Baina 2024ko lehen entzierroak plazan izan du salta. Lehen lau zezenak eta idi guztiak jada ikuiluan zeudelarik iritsi dira azken bi zezenak areara. Jendetza zegoen hesira igo gabe, giza harresi erraldoia sortuz. Noraezean bi minutu luzez aritu dira bueltaka bi zezenak. Alde batetik dobladore eta korrikalarien saiakerak izan dira ikuiluetara bideratzeko, bestetik ordea, entzierroan baino bigantxa jokuetan balira bezala bi animaliak behin ta berriz xaxatu eta despitatzen aritu direnak izan dira. Isuna eramanen dute saritzat, gogoratu behar delako zezenak ezin direla atzetik deitu eta entzierroaren helburua dela Santo Domingotik plazara ahalik eta denbora laburrenean animaliak eramatea.
4minutuko entzierroak 6 zauritu utzi ditu, horietako 5 kolpe ezberdinekin eta seigarrenak adarkada du aho aldean. Medikuek diote ordea, ez dela zauri oso larria.
Bihar, uztailaren 8a, astelehena, bigarren entzierroa, Cebada Gago ganadutegi ezagun eta arriskutsuaren zezenekin.