Nagore Laffage gogoan, haren hilketaren hamaseigarren urteurrenean

Bidane Beloki Ezker 2024ko uzt. 2a, 09:39

Igandean beteko dira hamasei urte Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela. Iruñeak ez du hilketa hura ahazten eta ehunka lagun bildu ziren atzo Lunes Lilasek antolatutako omenaldian.

2008ko uztailaren 7an Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage bortxatu eta erail zuen. Igandean hamasei urte beteko dira eta hartara, omenaldia egin zioten atzo Lunes Lilas kolektiboko kideek. Nagore ez ezik biolentzia matxistaren biktimak diren emakumeak omendu dituzte. Izan ere, aurten, 657 salaketa jarri dira Nafarroan indarkeria matxistagatik eta 51 feminizidio izan dira.

Beste behin ere, Asun Casasola Nagoreren amak eskerrak eman dizkie iruindarrei eta jasotako babesa nabarmendu du. Izan ere, Casasolak adierazi bezala herritarren konpromiso honek ahalbidetu baitu Jose Diego Yllanesek egindakoa ahaztua ez izatea.

Azken hamasei urteotan aurrerapausoak eman direla azpimarratu du Lunes Lilasek. Esaterako, Nafarroan Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa (SIAIZ) sortu dute. Hala ere, bide luzea dago egiteko biktima bat bera ere ez dagoen arte.

Felix Taberna Berdintasun kontseilaria, Unai Hualde Foru Parlamentuko presidentea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, eta UPN, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Zurekin Nafarroako talde politikoetako ordezkariak ere izan dira omenaldian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!