SANFERMINAK 2024

Sanferminetako egitarau ofiziala aurkeztu du Iruñeko Udalak

Bidane Beloki Ezker 2024ko eka. 19a, 13:00

Nobedadeen artean, erraldoien agurra Udaletxe plazara itzuliko da. Guztira, 514 proposamen izango dira eta programa irisgarria, parte hartzailea zein inklusiboa da. Liburuxkaren diseinua Xabier Erkizak egin du Franziska estudioarekin batera.

Sanferminetarako 17 egun baino ez direnean falta, festen programa osoa aurkeztu du Iruñeko Udalak. 514 jarduera, entzierroak, kontzertuak, kaleko musika, su artifizialak, jotak, bertsolariak, familientzako, gazteentzako eta nagusientzako guneak. Eta, agur berezia. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra, Udaletxe plazara itzuliko da eta 14an Los Tenampas taldearen kontzertu berezia izango da Gazteluko plazan.

Erronken artean jai irisgarri, parte hartzaile eta inklusiboak egiteko asmoa adierazi du Maider Beloki Kultura eta Jai zinegotziak. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra Udaletxe plazara itzuliko da eta jai-giroa auzoetara hurbiltzeko ahalegina egin dute; Ostiralean, hilak 12, Donibane auzoko Azueloko Monasterioan jota jaialdia egingo da eguerdian.

Bide horretan ere, ‘zentzumen babeslekua’ izeneko txokoa sortu dute Kondestablen ANFASekin elkarlanean. Txikientzako txokoa ere izanen da egunero goizez zein arratsaldez eta entzierro txikia ere antolatu du aurten udalak.

Bestalde, ezinbestean hiriko kolektiboekin izan dira lanean parte hartzea sustatzeko. Hartara, txoko bakoitzak bere programazio berezia prestatu du: Herri Sanferminak O plazan, Ikastolen Elkartea Takonerako Oinez Txokoan, kultur aniztasuneko kolektiboak Antoniutin, eta Eskualde Etxeak Basotxoan.

Programa eskuartean eta dena prest dagoen arren, berriz ere bidean izandako zailtasunak nabarmendu ditu Belokik: “Urtarrilean hasita eskasa da denbora”. Dena den, pozik agertu da Beloki, “lortu dugun programa bai diseinu aldetik bai edukiaren aldetik oso programa ona da, eta publiko zabalari zuzenduta dagoela nabarmendu du.

Soinuz betetako diseinua

Programaren diseinua ere azpimarratu du Iñigo Gomez Kultura eta Jai zuzendariak. Musikak ardazten duen liburuxka ondu du Franziska estudioak. Xabier Erkizarekin batera festaren soinuak omendu dituzte paperezko egitarauan.

Programa paperean eskuratu daiteke bi euroan hiriko liburutegietan zein tonbolan. Poltsikoko egitarau txikiak ere daude eskuragarri eta online bertsioaz gain, Braille bertsioa ere dago eskuragarri.

Kontsultatu hemen sanferminetako programa osoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!