Elkartasuna, auzolana, milaka boluntario, milaka kilometro tartean eta 30 edizioren ostean, amaituko da bidea. Abenduan antolatutako azken edizioaren ondoren Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntza taldeak “amaierarik gabeko eskerrak” eman zituen “amaiera berri baterako bidean”, eta 30. edizioarekin batera 2025eko uztailean iritsiko da amaiera. Azken bi edizio egingo dituzte, abenduaren 28an Atarrabian eta 2025eko uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan.
1999an “euskal errepresaliatu politikoekiko eta hauen senideekiko elkartasuna biltzeko” xedez antolatu zuten lehenbiziko aldiz. Eta, dispertsioa amaituta erronka berriei ekiteko unea iritsi dela iragarri du Hatortxuk, izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, “gauza ugari gelditzen da egiteko” eta "jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu".
Hala ere, antolatzaileek azaldu moduan, "jendartearen bizi ohituretan jasandako eraldaketa sakonek eta agertoki politiko berriek elkartasun eta inplikazio forma berriak ezinbesteko egiten dituzte". Hartara, amaituko da Hatortxu Rock orain arte ezagutu bezala, "erreminta berriei bide emateko".
#AgurHatortxu 🥹🥹🥹 pic.twitter.com/hW0HKav2Jq
— Hatortxu Rock (@Hatortxurock) June 11, 2024
Hatortxu Rockek bono berezi batzuk jarri ditu dagoeneko salgai azken bi jaialdietarako. Gaurtik aurrera Hatortxu 29 eta Hatortxu 30eko bono bateratua eskuratu daiteke, 94 euroan. Eskaintza berezi honetan 3.000 bono egongo dira salgai.