Gazteentzako gunea izanen da berriz ere sanferminetan Foruen plaza arratsaldez. 12 eta 17 urte bitartekoei bereziki zuzendutako kontzertuak, tailerrak, erakustaldiak eta dantzaldiak izanen dira: denera 35 ekitaldi. 19:00etatik 22:30ak arte izanen dira programazioan sartu dituzten ekimen guztiak. Txarangak, komedia ikuskizunak, makilaje tailerrak, espuma festa, break dance, sare sozialen tailerra, magia edo 360 gradutan grabatzen duen kamera erabiltzeko aukera izanen dute nerabeek. Horrez gainera, Puntu Segurua izeneko gune bat ere izanen da. Ehgam, Antox, Pika eta Ihesaren Aurkkako Komisioa taldeetako profesionalak izanen dira gazteenei festak gozatzeko modu osasuntsuez proposamenak egiten. Horrekin batera, Iruñerriko Mankomunitatearen ur-taberna eta alkoholik gabeko koktelak ere eskainiko dituzte.
DJak, musika elektronikoa eta afro gaua
Su-artifizialen ondotik Djak, musika elektronikoa eta kalekoa izanen dituzte. Afro musikari gau bat eskainiko diote, uztailaren 11koa. Sounfermin izenarekin musikak hartuko du gaua 01:45 arte Foruen plaza horretan: irrati kateetan ezagunak diren DJak izanen dira, besteak beste.