Indar Gorriko kide bat atxilotu du Polizia Nazionalak gorroto delitua egotzita

Bidane Beloki Ezker 2024ko eka. 4a, 10:00

Shon Weissman Granadako jokalari ohiaren jarrera sionista salatzeko sareetan egindako argitalpenen kontura izan da atxiloketa. Indar Gorrik urrian, Granadak Sadarren jokatu zuen partidaren aurretik salatu zituen mezuak.

LaLigako israelgo jokalariak Israelen alde eta Palestinaren kontra zabaldu zituen mezuak sareetan. Urriaren erdialdean, Granadako taldeak Sadarrera egindako bisitan zale gorritxoek Shon Weissman sionistak Twitter kontuan Israelek herri palestinarraren aurka egindako genozidioa babestu zuela, eta "Gazan 200 tona bonba botatzea eskatzen zuen mezu bat babestea” salatu zuten.

“SHON WEISSMAN KANPORA,  SIONISMO-FAXISMOA SUNTSITU “ zioen mezu bat eta Palestinarekiko erabateko elkartasuna adierazi zuen Indar Gorrik sareetan partidaren aurretik. Granadako jokalari ohia Iruñera partida jokatzera etorri ez zen arren, haren kontrako gorroto delitua egotzi diote Indar Gorriko kide bati. Harmailen aurkako errepresio-kasu bat dela salatu dute, eta berretsi dute Palestinaren aldeko aldarrikapenak egiten jarraituko dutela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!