Epaileak ez du gorroto deliturik ikusi 2022ko sanferminetan Mutilzarra Peñarekin izandako liskarretan

Haritz Pascual Garjon 2024ko mai. 28a, 12:45

Espainiako Poliziak delitu larriak leporatu zizkien Iruñeko Peñetako bost kideri, 2022ko sanferminetako azken egunean Mutilzarra Peñarekin izandako liskarrarengatik. Txosten poliziala eskutan, kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak. Nafarroako Auzitegiak ordea, gorroto deliturik ez dela izan ebatzi du.

2022ko uztailaren 14ean, sanferminetako azken zezenketa amaituta, Iruñeko plazan ziren Peñek festen agur ekitaldia egin zuten, urtero egin ohi duten moduan. Txarangak plazaren erdian jarrita musika jo zuten, Peñakideak harmailetan kantuan ziren bitartean. Peñen Federaziotik at den Mutilzarra Peñak ordea ez zuen ekitaldia errespetatu eta ekitalditik at, beren pankarta eta Peñarekin plaza erdira jaitsi ziren. Jarrera horrek haserrea eragin zuen harmailetan ziren peñakideen artean eta haietako zenbait Mutilzarrakoengana joan ziren kexuka. Une tentsoa izan zen, oihuak, irainak eta uneren batean zaplazteko bat ere izan zelarik. Fiskalak bere egin zuen Espainiako Poliziaren txostenaren arabera, “Ezker Abertzalearen inguruko Federazioko Peñetako kideek, gorrotoa diote Mutilzarra Peñari Nafarroako ikur ofizialak beren pankartan erakusteagatik”. 3 urteko kartzela zigor eskaera egin zuen fiskaltzak. Nafarroako Auzitegiak ordea, ez du horrelakorik ikusi eta epaian gertatutakoa une horretako tentsio unera mugatuta zegoela dio, ez ideologia politikoarekin loturiko eraso batetara. Epaiak azaldu du, Mutilzarra Peñak inolako arazorik gabe parte hartzen duela Sanferminetan eta 2022ko festa horietan beren pankarta normaltasunez erakutsi zuela plazan zein kalean.

Gauzak horrela, epaileak 360euroko isuna ezarri die bi akusatuei mehatxuengatik, beste horrenbeste ezarri dio hirugarren peñakide bati zaplaztekoa emateagatik eta aske, inolako zigorrik gabe utzi ditu beste bi pertsona.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!