Emakume sortzaileak 2008an abiatu zuen Nafarroako Berdintasun Institutuak (NABI), eta 2016tik IPES Fundazioarekin lankidetzan antolatzen dute. Emakumeek hainbat diziplina eta sormen-esparrutatik egiten duten lana balioesteko eta aztertzeko xedez urtero ardatz bati heltzen diote. Edizio honetan emakume zinegile erreferenteak dira ardatz.
IX. edizio honetan azkenaldian zineman izandako loraldiari esker ezagutu ditugun lau zuzendari izango dira Iruñean: Estibaliz Urresola (20.000 especies de abejas), Alauda Ruiz de Azua (Cinco lobitos), Itsaso Arana (Las chicas están bien) eta Jaione Camborda (O corno).
Publikoaren oniritzia eta nazioartean sariak jasotzeaz gain, jorratzen dituzten narratibak izan dira garrantzitsuak. Emakumeek eginak dira eta emakumeak daude kontakizunen erdigunean. Desioa, maitasuna, amatasuna, laguntasuna eta harremanak eta nortasuna, oro har. Horiek dituzte hizpide lau zuzendari hauen filmek eta horiek ere izango dituzte mintzagai osteguneko 'Zinema zuzendariak: narrazio eta begirada olde berri bat' mahai-inguruan.
Ostegunean, arratsaldeko 19:00 Kondestablearen Jauregian da hitzordua. Azpitituluak, begizta magnetikoa eta zeinu-hizkuntzako interpretea duen gorrentzako jardunaldi irisgarria da. Saioari buruzko informazio osagarria hemen.