Asteburuan Jagoba Arrasateri agurra egin ondoren, aginte makila hartuko duen entrenatzailea nor izango den ezagutu berri dugu. Osasunak akordioa lortu du Vicente Morenorekin datorren 2024-2025 denboraldian gizonezkoen taldeko entrenatzailea izan dadin. Dani Pendin izango da bigarren entrenatzaile, Dani Pastor arduratuko da prestakuntza fisikoaz eta Ramon Alturo analista nagusia izango da. Moreno entrenatzaile berriak aurkezpen prentsaurrekoa emango du bihar Sadarren klubak iragarri duenez.
Espanyol eta Mallorca taldeak Lehen Mailara igotzearen arduradun izan da Vicente Moreno Peris (1974, Balentzia). Jokalari ibilbidea amaitu eta berehala ekin zion teknikari ibilbideari. Botak zintzilikatu eta hilabete gutxira, Xerez Deportivoko lehen entrenatzaile kargua hartu zue. Arabiar ligako Al-Shabab taldean ere ibili da berriki eta aurreko denboraldian LaLigara itzuli zen Almeria zazpi partidatan zuzentzeko. Orain, Iruñera heldu da Moreno datorren denboraldian gorritxoak gidatzeko.