Iruñeko Udalak antolatzen duen Kantu eta hitza zikloaren eskutik, Alarma Morea taldearen kontzertua izanen da gaur, 20:00etan, O-ko Andre Mariaren plazan. Zumarragako (Gipuzkoa) laukoteak bere runba eta fusio doinuak eszenaratuko ditu, taldeko sortzaile eta ahotsetako bat den Ainhoa Plagarok azpimarratu bezala, "giro atsegin eta animatuan, aste bukaerarako motorrak berotzen joateko".
Alarma Moreak 2019an hasi zuen bere ibilbidea. Ahotsak (Ainhoa eta Uxue Plagaro ahizpek), kitarrak (Ainhoa Plagaro), dantzak eta perkusioak (Amets Albisu), kajoiak eta beste perkusio batzuk (Uxue Plagaro) eta baxuak (Nuria Cullak) osatzen dute taldea. Estilo nagusia runba flamenkoa den arren beste hainbat estilo musikalek ere baldintzatzen dute taldearen nortasuna, fusio alternatiboari hegoak emanez.
Plagarok berak nabarmendu bezala, emakumearen borroka eta ahalduntzea da taldearen zutabe garrantzitsuenetako bat. "Mikrofonoak, eszenatokiak eta musika aprobetxatu nahi ditugu emakumeok bizi ditugun borroken inguruko mezuak jendearengana helarazteko": Musikaren munduan eta gizartean ematen den genero zapalkuntzari aurre egiteko, musikaren bitartez, letrak eta melodiak erabiltzen dituzte konzientziak landu eta espazioak berreskuratzeko helburuarekin. Ezinbesteko bigarren zutabea euskararena da: "Euskaraz sortu, euskara erabili eta hau zabaltzea da taldearen beste xedeetako bat".