Joseba Asiron: "UPNk alderdikeriaz hiriaren interesen kontra egin duela agerian geratu da"

Haritz Pascual Garjon 2024ko mai. 10a, 14:01

Iruñeko eraikinen balioaren gaurkotze txostena ezkutuan gorde dute hiru urtez Enrique Mayak eta Cristina Ibarrolak eta ondorioz hiriak 30milioi euro irabazteari utzi dio. Ardura politikoa exigitu die alkateak erregionalistei, "30 milioi horiekin 4 Civivox, 7 haur eskola egin zezakeen hiriak adibidez" azaldu du Euskalerria Irratian Joseba Asironek.

"UPNk nahiago izan du bere alderdiaren onuran pentsatu hiriarendako onena dena egitea baino" salatu du Joseba Asironek Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. Gaur ezagutu da Enrique Maya eta Cristina Ibarrola alkate zirelarik, hiriko eraikinen balorea eta ondorioz ordaindu beharreko zergak gaurkotzen zituen txostena ezkutuan mantendu zutela erregionalistek. Emaitza: Iruñeak 30milioi euro irabazteari utzi dio. "UPNk pentsatu du hiriko tasak igotzen bazituen, hauteskundeetan ordainduko zuela, beraz alderdia jarri dute hiriaren gainetik" azaldu du alkateak, "Urte hauetan, pisuen balioa asko igo da baina batez ere pisu handienen, garestienen balioa eta ordaindu beharreko tasak asko handitu dira".

2015eko legegintzaldian, higiezinen balorearen gaurkotzea eskatu zuen aldaketaren gobernuak baina ez zen iritsi Enrique Mayak alkatetza berreskuratu zuen arte. "Txostena iritsiko zela jakitun, behin eta berriz galdetu diogu horretaz Maya eta Ibarrolaro baina behin eta berriz ukatu dute haren existentzia. Gerora jakin dugu ezkutatuta zeukatela". Joseba Asironen iritziz gertatutakoa oso larria da, "Ez bakarrik gardentasun faltagatik, batez ere hiriaren interesen kontra egin dutelako agerian geratu delako".

"Hiriaz pentsatzen espero du Udaletxeko kajoietan sorpresa gehiagorik ez topatzea" amaitu du elkarrizketa Asironek, "Baina harritzeko gure gaitasuna guztiz gaindituta dago UPNrekin. Hiriko jauntxoak balira bezala aritu dira eta gaur salatutakoa da horren adibide garbia".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!