Angel Blanco Egoskozabalen 'Gaiteros' (Gaitariak) izango da 2024ko Sanferminetako kartel iragarlea. Bigarrenez irabazi du saria Blancok, 2009an ere jaiak iragarri baitzituen. Azken 30 urteetan aurkeztu diren kartel kopururik altuena izan da aurtengoa: 635 afixa aurkeztu dira. Epaimahaiak hamar hautatu ditu eta horien artean herritarrek bozka bidez aukeratu dute 2024ko San Fermin jaiak iragartzeko. Lan irabazlearen egileak 6.000 euroko saria jasoko du.
Kartel irabazleak 3.333 boto jaso ditu eta 2019an izandako zifrak gainditu ez badira ere, parte hartzeak gora egin du; guztira 10.018 boto jaso dira. Iruñean erroldatutako pertsonek izan dute bozkatzeko aukera, aurez aurre, telefonoz zein telematikoki. Botoen %74 internet bidez eman da eta %33 aurrez aurre.
Kartelean bere balio piktorikoa nabarmendu zuen epaimahaiak hamar hautatuen artean sartzeko. Tradizionala eta, aldi berean, berritzailea den kartela dela argudiatu dute. Txupinazoaren unetxoa irudikatzen du, "bibrazio, tentsio eta mugimendu handia dago Pamplonesatik Udaletxe plazara doan irteera horretan".
Epaimahaia
Kartel finalistak aukeratu dituen epaimahaiburua Iñigo Gomez Egiluz Kultura, Jai, Hezkuntza eta Kirol zuzendaria izan da. Batzordekide izan dira Javier Manzanos Garaioa Arte Plastikoetako udal-teknikaria; Idoia Iribertegi Irigibel Arte Ederretako lizentziaduna, artista plastiko eta bisuala, eta Iruñeko Arte Eskolako irakaslea, Veronica Eguaras Alcantara; Arte Ederretako lizentziaduna, ilustratzailea, irakaslea eta Tiza Elkarteko ordezkaria, Idoia Iribertegi Irigibel; Visual Komunikazioko proiektuen garapeneko zuzendaria eta Nafarroako Komunikazio Enpresen Elkarteko ordezkaria, Virginia Jonas Uriguen; Arte Ederretako lizentziaduna, artista plastiko eta ilustratzailea, Aizpea Lasa Villa; eta Javier Moron Belso diseinatzaile grafikoa, Franziska estudioko kidea eta 2007ko San Ferminen kartelaren irabazlea. Idazkari lanetan Lidia Agerri Hermoso de Mendoza aritu da, Kultura, Jai, Hezkuntza eta Kirol arloko ofizial administratiboa.