Duela pare bat aste, apirilaren amaieran, Iruñeko peñek entzierroan hildakoak oroitzeko plakak kentzeko eskatu zuten. UPNk mandatu amaitu aurretik jarri zituen Iruñeko entzierroaren ibilbidean.
Orain, Udalak plaken segurtasuna eta arriskutsuak diren aztertuko du, eta UPNk egindako espedientea berrikusiko du, lurreko xaflak kentzen diren edo ez erabakitzeko. Eta utziz gero, ibilbidean falta diren zortzi pertsonen plakak jarriko dituzten ikusteko; izan ere, guztira hamasei dira entzierroan hildakoak. Izan ere, oroitarriak jartzeko erabakia Cristina Ibarrolak hartu zuen bere agintaldiaren azken orduetan, udal taldeei eta Sanferminetako Mahaiari galdetu gabe. UPNk berriz zentsura mozioari egotzi dio plakak guztiak ez jartzea eta “denbora faltagatik” ez zituztela hamaseiak jarri argudiatu du Aitor Silgado zinegotziak.
Gainera, proiektuaren exekuzioa kritikatu dute udal taldeek, "alde bakarretik” eta modu “ez gardenean” egin zutela salatu dute; “segurtasun eta aurreikuspen protokolorik gabe”, alegia. Hartara, Entzierroaren Mahaiaren adostasunarekin Osoko Bilkuran eskatu dute plaken jarraipena eta ebaluazioa egiteko, hauek kentzeko edo falta direnak jartzeko, edo “ekimen hori modu adostuan ordezkatuko duen beste proposamen bat egiteko”.
Entzierroaren Mahaian egindako eskaeren artean ere suziriaren potentzia handitzea eta horma-hobiaren ondoan plaka bat jartzea daude mahai gainean.