Ekainaren 11n ezagutuko dugu 2024ko Sanferminetako txupinazoa nork jaurtiko duen. Gaur bertan abiatu da jada proposamenak egiteko unea. Sanferminetako Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden elkarteek egingo dituzte proposamenak eta elkarte bakoitzak txupinazoa jaurtitzeko ordezkari bakarra proposatu ahalko du. Maiatzaren 19ra bitartean aurkeztuko dituzte proposamenak eta ondoren, maiatzaren 22an Sanferminetako Mahai Orokorrak bost finalista aukeratuko ditu; horien artean bozkatuko dute herritarrek.
Eremu sozialean, akademikoan, zientifikoan eta kulturalean hiriari egin dion ekarpena defendatu beharko dute beren hautagaitzan. Hala ere, ezin izango da proposatu alderdi politikorik, sindikaturik, enpresa erakunderik ezta erlijio-konfesiorik.
Beraz, herritarrek maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitartean bozkatu ahalko dute bost hautagaien artean eta ekainaren 11n ezagutuko dugu zein izan den bozkatuena eta hartara 2024ko Sanferminetako txupinazoa jaurtiko duena.