Guztira, udal eta Foru Gobernuko zentroetarako 1.685 eskaera jaso dira eta Iruñerriko haur eskoletarako 1.376; horietatik 1.072 gaztelaniarako eta 304 euskarako plazetarako.
Hamabi dira Iruñeak hiriko auzoetan banatuta dituen udal haur eskolak, eta horiek guztiak doakoak dira jantokiaren gastua kanpo. Zehazki, Iruñeak 1.069 plaza ditu gaur egun udal haur eskoletan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko 0 eta 3 urte bitarteko haurrak artatzeko. Hala ere, ume zenbaitek oraindik ez dute zikloa amaitu, eta beraz, eskola berean jarraituko dute, edo hala eskatuta, jada beste batera aldatu dira. Hartara, 678 plaza besterik ez daude libre datorren ikasturterako udal haur eskoletan.
Lezkairuko haur-eskolak jaso ditu eskaera gehien, 261 familientzako lehen aukera izan da, baina 51 plaza besterik ez daude libre. Ondoren, Mendillorrikoak jaso du eskaera gehien, 200 izan dira eskaerak, eskuragarri dauden 58 plazetarako.
Onartutakoen behin-behineko zerrenda maiatzaren 28an argitaratuko dute eta erreklamazioak eginda, behin-betiko zerrenda ekainaren 5ean argitaratuko da. Matrikula berriz, ekainaren 6tik 12ra bitartean egingo da.