Iruñeko auzoetako jaiak abiatzear, eraso sexisten aurkako kanpaina indartu du Udalak eta 'Eraso sexistarik gabeko Iruñea' ekimena berreskuratuko du: eraso sexistei buruzko informazio guneak jarriko dituzte Iruñeko auzoetako jaietan. Asteburu honetan jarriko dute lehenengo postua, Sanduzelaiko O parkean, eta datorren asteburuan, bigarrena, Txantrean.
Iruñeko Udalak prentsa ohar batean azaldu moduan informazioa ez ezik aholkularitza eskainiko dute postuetan. “Eraso sexistak ezabatzeko” eta herritarrak jokabide sexisten aurrean “zero tolerantzian inplikatzeko" helburua du kanpainak. Eraso sexistak zer diren, nola hauteman daitezkeen eta hirian horiek jasaten dituzten emakumeei arreta emateko zer baliabide dauden jakinaraziko diete gerturatzen diren pertsonei.
Eraso sexistaren bat gertatuz gero, informazio guneko langileek eskura dituzten zerbitzuei buruzko orientabideak emango dituzte emakume horiei. Hala ere, jaigunetik bertatik aktibatu daiteke Udalaren arretarako eta laguntzarako protokoloa.
Gainera, informazio guneek auzoetako jaietan jazotzen direnak bilduko dituzte -salagarriak ez diren edo salatu ez diren erasoei buruzko galdetegi anonimo baten bidez- ondoren aztertu ahal izateko eta hobekuntzak egin ahal izateko. Horri esker, "eraso sexisten biktima diren emakumeei laguntza ematea ahalbidetzen da, betiere konfidentzialtasuna eta anonimotasunerako eskubidea bermatuz, eta birbiktimizazio mota oro saihestuz", gaineratu du Udalak.